1999
Irailaren18a. Udalbiltza sortu zen, Bilboko Euskalduna jauregian, Euskal Herriko talde abertzale guztietako 2.000 udal hautetsirekin baino gehiagorekin.
2001
Otsailaren 24a. Lehen bilera egin zuen ezker abertzaleko zinegotzi eta alkate independienteek kudeatutako Udalbiltzak, Donostiako Kursaalean. Udalbiltza banatuta zegoen. EAJ eta EAko hautetsiak Udalbiltzaren espresio batean geratu ziren, eta ezker abertzalekoak nahiz independienteak bestean.
2003
Apirilaren29a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen. Erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu zituen. Biharamunean, atxilotu guztiak espetxeratu zituzten.
Maiatzaren 6a. Bi urte eta erdi elkarrekin bildu gabe pasatu ostean, bi udalbiltzek batzarra egin zuten, polizia operazioaren ondoren elkarlana sustatzeko asmoz. Ordutik behar hori etengabe aldarrikatu den arren, ez dute batasunik lortu.
Maiatzaren 10a. Manifestazio jendetsua egin zen Bilbon, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean. EAJk, EAk eta EBk ez zuten parte hartu.
Maiatzaren 23a. Beste hiru hautetsi espetxeratu zituen Garzonek. Tartean, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria.
Ekainaren 25a. Garzonek bi urtez eten zituen Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa. Gerora, 2008ra arte luzatu zuen jardunen etetea.
2004
Irailaren 22a. ETAkoak izatea egotzi, eta 21 lagun auzipetu zituen Garzonek.
Urriaren 6a. Auzipetuek Garzonen bulegora joan ziren auzipetze autoa jasotzera. Akusazio guztiak gezurra direla esan zioten epaileari.
2007
Irailaren 7a. Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsari beren jardunari berrekiteko baimena eman zien Auzitegi Nazionalak; kontu korronteak bahituta jarraitzen dute, halere.
Irailaren 12a. Guztira 240 urteren espetxe zigorrak eskatu zituen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Udalbiltzako 22 auzipetuentzat.