Eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia urtarrilaren 30ean Bilbon
Hainbat herritarrek eskubide zibil eta politikoak errespetatu eta bermatzeko ekitaldia egingo dute hilaren 30ean Bilboko Euskalduna jauregian, 18:00etatik aurrera.
Hemen duzue aurkezpenean irakurririko adierazpen osoa.
“Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpena” ekitaldiaren aurkezpena. 2010eko urtarrilak 30ean Bilboko Euskalduna jauregian.
Hemen bildu garenok, euskal herritar gisa agertzen gara zuon aurrean, euskal jendarteari zuzendu asmoz. Sektore eta eremu ezberdinak ordezkatzen ditugu guk. Jarduera soziala, kulturala, sindikala, politikoa, akademikoa zein kirol jarduera burutzen dugu.
Esan beharra tristea izanik ere, gure jarduera modu garden eta publikoan burutzen dugula gogora ekarri behar dugu. Eskubide politiko eta zibil oinarrizkoenek babesturiko honako jarduera, hemen bildu garenon artean ezberdintasunez eta arazoz beterik burutu izan dugu ordea. Gehiegitan, sakontasun handiko arazo eta zailtasunez beterik erabili ditugularik oinarrizkoenak diren eskubide zibil eta politikoak gure jardueran.
Honenbestez, ez gaitu errealitatearekiko ikuspegi bakarrak batzen. Ez eta jarduera publiko berbera partekatzeak ere. Bai ordea, gure jarduera premiazkoa ulertzeak edo bederen, inolako zilegitasunik gabe ezindu ezin daitekeela jakiteak.
Ideia eta jarduera horiek burura eramateagatik izan gara hain zuzen ere hemen gauden batzuk atxilotuak eta espetxean sartuak. Hainbatetan gainera, toleragarriaren maila aski gainditu duen tratua jasan behar izan dugu.
Epaileak eta epaimahaiak izan, fiskalak edo eskuin muturreko elkarte edo sindikatuak izan, guztiak ere guretzat ezezagunak eta arrotzak izanik ere, auzipetu egin gaituzte, eta ez buru eta ez hanka dituzten salaketen ondorioz Inkisizioko prozedurak ezarri dizkigute.
Argi geratu da ez gintuztela ezagutzen. Ez gu, ez eta gure xede eta jarduerak ere. Hala ere, gu epaitzeko ausardia izan dute. Euskal Herritik urrun, ehunka, milaka kilometrora diren organoak izan dira, justiziaren goiburuz aritu direnak. Errealitatetik ezin urrunago, alegia. Alabaina, hemen aurkitzen garenotatik askok, espetxe zigor luzeak pairatu ditugu prozesu hauen ondorioz. Beste asko, orain ari dira halako zigorrak betetzen. Honako hau berehala geratzen ez badugu, etorkizun hurbilean are sakonagoa eta bortitzagoa izango da.
Azkenik, hemen gaudenetako beste batzuek ez dugu zitalkeria hori zuzenean jasan. Baina horrek ez du esan nahi gurekin zerikusirik ez duenik. Askatasunak murrizteko estatuak jarraitzen duen bidea ez da mugatu pertsona zehatz batzuk zigortzera edo elkarte, talde eta alderdi batzuk legez kanpo jartzera, egunkari eta irrati batzuk ixtera, edo jarduera batzuk bertan behera uztera. Hori guztia aski larria izanik, horretaz gain zentsura inposatzeko eta zuzenak diren aldarrikapenak ezkutarazteko ere balio izan du. Gizarte honetan sektore askok eta askok konpartitzen dituzten aldarrikapenak susmopean kokatu ditu. Ehunka eta milaka lagun biltzen dituzten ekitaldiak eta mobilizazioak debekatzeko aitzakia izan da. Ideiak eta proiektu politikoak libreki ibil daitezen galarazi du. Gaur egungo instituzioen osaketa desitxuratu du. Funtsean, Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean, parte hartze politiko eta demokratikoan eragin itzela izan du, Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna baldintzatuz.
Azken batean, eskubide politikoen ukapenak eragin maila ezberdinak izan ditu gure artean, gutariko bakoitza modu ezberdin batean kolpatu du. Baina halere, hemen gauden guzti-guztiok egoera horren parte sentitzen gara, egoeraz kezkatuta, egoerak laidotuta. Sarri askotan esan dugu egoera hori gainditu beharra dagoela. Hau da momentua gainditzeko, inolako berandutza edo aitzakiarik gabe. Egoera iraultzeko unea oraintxe dela diogu. Behin betirako, modu positibo eta kolektibo batean.
Honela bada, adierazpen eta iritzi askatasuna aldarrikatzera gatoz, parte hartze politikorako oinarrizko aldagai gisa. Elkartzeko eta manifestaziorako eskubidea aldarrikatzen dugu. Euskal herritar guztientzat hauteskundeetan parte hartu eta bozkatzeko eskubidea berreskura dadin aldarrikatzen dugu. Oinarrizkoa den justiziazko tratu bat eskatzen dugu. Eskubide politiko eta zibil guztiak, guztiontzako aldarrikatzen ditugu.
Eta gure ustez hori lortzeko erantzun-tresnabide kolektibo eta eraginkorrak jarri behar dira abian. Beste urrats bat aurrera egin beharra dagoela uste baitugu.
Adierazpen irmo bat egin nahi dugu euskal gizartearen aurrean, Estatu espainiar eta frantsesaren aurrean eta Europaren eta munduaren aurrean, demokrazia berehala ezar dadin aldarrikatzeko eta eskubide zibil eta politikoekiko errespetua eta bermea eskatzeko.
Horretarako, hemen bildu garenok, ekitaldi batetara gonbidatu nahi zaituztegu. Musika, antzerkia, dantza, argia, irudiak eta batez ere, hitzaren bidez, ekimen herritar bat aurkeztuko dugu bertan. Aurkeztu berri dizkizuegun xedeak burura eraman ahal izateko. Pertsona eta kolektiboen adierazpen librea berreskuratzeko eta defendatzeko ekimen bat. Esfortzu kolektibo bat herri honetako askotariko ideia eta iritziek berriro ere plaza publikoan zirkulatzeko egoera berri bat elkarrekin bultzatzeko.
“Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpena” izeneko ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian izango da urtarrilaren 30ean, arratsaldeko bost eta erdietan.
Guk bezala oinarri-oinarrizko eskubide zibil eta politikoen murriztapen zitalaren aurrean kezka sentitzen duten pertsona guztiei dei egiten diegu. Euskal gizarteari dei egiten diogu, piz dadila, jazar dadila.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, eskerrik asko
Bilbon, 2010eko urtarrilaren 9an













