UDALBILTZA auzia nazioartera zabaldu dute auziperatuek Bruselara eginiko bidaian.
Auzipetuen ordezkaritza bat Bruselan dago, auziaren berri ematen, eta parlamentariek harrituta jaso dituzte azalpenak
Flandriako Parlamentutik egoera salatzeko ekimenak bideratuko dituztela agindu dute.
Harritutaeta kezkatuta entzun dituzte Udalbiltza auziaren inguruko azalpenak Europako Parlamentuko eta Flandriako Parlamentuko hainbat ordezkarik. Auzipetuen beraien ahotik jaso dute auziaren berri, ordezkaritza bat Bruselan baita egunotan. «Hauteskundeetan jasotako ordezkaritza politikoa baliatuta lan publiko eta agerikoa egiteagatik epaitzea nola litekeen esaten digute; horrek harritzen ditu gehien», azaldu dio BERRIAri Juan Karlos Alduntzin auzipetuak.
Alduntzinek berak eta Espe Iriartek osatutako ordezkaritza astelehenean joan zen Bruselara. Suediako europarlamentari batekin bildu ziren astelehenean bertan, eta Portugalgo beste batekin atzo goizean.
Flandriako Parlamentura joan ziren ondoren. Jan Peumans presidenteak harrera ofiziala egin, eta haren bulegoan bildu ziren gero presidentea bera eta Euskal Herriko ordezkaritza. Parlamentuko bilera aretoan batzar irekia ere egin zuten, eta bertan izan ziren, besteak beste, CD&V eta N-VA alderdietako diputatuak eta giza eskubideen defentsarako abokatu bat. CD&V alderdi kristau-demokrataren esku daude Flandriako Gobernua eta Belgikako Gobernu Federala. N-VA, Flandriako alderdi abertzalea da.
Alduntzinek eta Iriartek Udalbiltzaren izaeraren eta nazio instituzioaren aurkako auziaren berri eman zieten entzuleei. Udalbiltza zer den azaldu zieten, nola sortu zen, eta zer lan egin dituen. Zuberoa Garatzen ekimenaren berri eman zieten, Eskubideen Agiriaren berri eta Nazioarteko Konferentziaren berri, besteak beste. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2003an udal hautetsien instituzioaren aurka nola egin zuen ere azaldu zieten. Orduko atxiloketak azaldu, eta inputazioak zertan oinarritzen diren kontatu zieten. Baita akusazioen oinarri ahul eta zehaztugabeen ondorioz auzipetuek defentsarako zailtasun handiak dituztela ere. Lan politiko eta publiko hori egiteagatik 22 pertsona luze gabe epaituko dituztela, eta horien aurka 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituztela. Azalpenekin batera, sumarioaren kopia bana eta horren laburpena biltzen duen txostena eman zieten bai europarlamentariei, bai Flandriako diputatuei.
Azalpenak eman ondoren, babesa eskatu zieten auzipetuek mintzaideei. Egoera ezagutzera emateko, eta beren parlamentuetan ekimenen bat egiteko eskatu zieten.
Europan ezin da onartu
Flandriako Parlamentutik eman zieten erantzunik argiena. Europako Batasuneko estatu batean ezin direla onartu «demokraziaren kontrako halako erasoak» esan zieten Flandriako ordezkariek, eta Parlamentutik egoera salatzeko ekimenak bideratuko dituztela agindu zieten Udalbiltzako auzipetuei.
Europarlamentariei Europako Parlamentuan gaia aztertzeko eta ekimenen bat egiteko proposatu zieten Udalbiltzakoek. Auzipetuek azaldu dutenez, «jarrera ona» ikusi zuten europarlamentariengan, eta gaia lantzen saiatuko direla uste dute.
NV-A Flandriako alderdiko gazte erakundearekin ere bildu ziren atzo Alduntzin eta Iriarte. Horiek, «ahal duten neurrian laguntza eta elkartasuna» emango dietela esan zieten auzipetuei.
Iluntzean, Friendship taldeko bi europarlamentarirekin biltzekoak ziren Euskal Herriko bi ordezkariak; Irlandako ordezkari batekin eta Flandriako beste batekin. Horiei ere, eskaera bera egitekoak ziren auzipetuak.
Gaur, berriz, ALE talde europarreko kideekin batzartuko dira (EA eta Aralar talde horretako kide dira). Korsikako kide bat eta Kataluniako beste izango dituzte mintzaide. Beste bi europarlamentarirekin bilduko dira gero, eta bihar beste birekin gutxienez, Euskal Herrira bueltatu aurretik.
Horrez gain, ostegunean bertan, Bartzelonara joango da beste ordezkaritza bat Kataluniako Parlamentuko kideei egoeraren berri eman eta haien babesa jasotzeko helburuz.
UDALBILTZAren inguruko kronologia
1999
Irailaren18a. Udalbiltza sortu zen, Bilboko Euskalduna jauregian, Euskal Herriko talde abertzale guztietako 2.000 udal hautetsirekin baino gehiagorekin.
2001
Otsailaren 24a. Lehen bilera egin zuen ezker abertzaleko zinegotzi eta alkate independienteek kudeatutako Udalbiltzak, Donostiako Kursaalean. Udalbiltza banatuta zegoen. EAJ eta EAko hautetsiak Udalbiltzaren espresio batean geratu ziren, eta ezker abertzalekoak nahiz independienteak bestean.
2003
Apirilaren29a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen. Erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu zituen. Biharamunean, atxilotu guztiak espetxeratu zituzten.
Maiatzaren 6a. Bi urte eta erdi elkarrekin bildu gabe pasatu ostean, bi udalbiltzek batzarra egin zuten, polizia operazioaren ondoren elkarlana sustatzeko asmoz. Ordutik behar hori etengabe aldarrikatu den arren, ez dute batasunik lortu.
Maiatzaren 10a. Manifestazio jendetsua egin zen Bilbon, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean. EAJk, EAk eta EBk ez zuten parte hartu.
Maiatzaren 23a. Beste hiru hautetsi espetxeratu zituen Garzonek. Tartean, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria.
Ekainaren 25a. Garzonek bi urtez eten zituen Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa. Gerora, 2008ra arte luzatu zuen jardunen etetea.
2004
Irailaren 22a. ETAkoak izatea egotzi, eta 21 lagun auzipetu zituen Garzonek.
Urriaren 6a. Auzipetuek Garzonen bulegora joan ziren auzipetze autoa jasotzera. Akusazio guztiak gezurra direla esan zioten epaileari.
2007
Irailaren 7a. Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsari beren jardunari berrekiteko baimena eman zien Auzitegi Nazionalak; kontu korronteak bahituta jarraitzen dute, halere.
Irailaren 12a. Guztira 240 urteren espetxe zigorrak eskatu zituen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Udalbiltzako 22 auzipetuentzat.
BERRIA.info-tik moldatua.












